Txakurrak hondartzetan aske ibiltzeko ordutegia luzatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa mai 02, 18:31 Getxo

Txakurrak hondartzetan aske egoteko ordutegia zabaltzeko araudia aldatu du Getxoko Udalak. Hala, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, txakurrak 20:00etatik hurrengo eguneko 09:30era arte egon ahal izango dira hareatzetan; urriaren 1etik maiatzaren 31ra, aldiz, ez da ordu-mugarik egongo. Salbuespen gisa, baina, ezin izango dira aisialdi-gune modura erabili Gorrondatxe eta Balanar/La Bola hondartzak, "ingurumena babesteko arrazoiengatik", udal-arduradunek azaldu dutenez.

Beti On zerbitzuaren nondik norakoak azalduko dituzte maiatzaren 14an Barrikan

Erredakzioa api 30 Barrika

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Barrikako Udalak elkarlanean antolatutako berbaldia maiatzaren 14an, martitzenean, izango da, arratsaldeko 17:00etan, erretiratuen etxean. Hitzaldian, Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoari buruz hitz egingo da, etxeetan ematen den etengabeko arreta-zerbitzuari buruz.