Hamaika esperientzia zirraragarri bizitzen ari dira gazteak GATX Gazteon Abentura Txapelketan!

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 30a, 15:07

2022an GATX ere martxan jarri zuten. © GATX

Bere izenak aditzera ematen duen moduan, 10-12 urte bitarteko gazteei zuzendutako abentura lehiaketa da Gazteon Abentura Txapelketa (GATX). Helburua da euskara gazteengana erakartzea gustuko dituzten ekintzak eginez. 2024ko martxoan, hainbat ekintza egiten hasi ziren eta, urri aldera, azken jai berezi bategaz amaiera emango diote abenturari. Plentziako zein Gorlizko ikastetxeetan aurkeztutako proiektua da, eta Uribe Kostako Euskara zerbitzuak antolatu du Taupada Abentura elkarteko kideen laguntzagaz batera.

GATXen helburua da 10-12 urteko gazteei lagun taldean abentura eta esperientzi paregabeak bizitzeko aukera eskaintzea, beti ere, elkartasuna, errespetua, bizipoza, laguntasuna eta ingurunearekiko zainketa balioan jarrita. Horretaz gain, txapelketa honetan euskararen erabilera bultzatu eta baloratu gura dute. "Lagunakaz euskaraz bizitzeko ekimen erakargarria proiektatu gura izan dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Hainbat esperientzia daude abentura honen barnean, besteak beste, piragua, big sup, orientazio ibilbideak, eskalada, ginkana, herri-kirolak, Ipad galdetegiak, bodyboard, surf, ilunpeko ibilaldiak, proga artistiko-kulturalak, etab.

Azken egun handian, sari banaketa egingo dute gainditutako erronkak baloratuz. Gainera, kontzertu bat ere egingo dute parte-hartzaile guztiak musikagaz bat dantzan jartzeko eta abentura honi merezi duen agurra emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun