api 29 Berango
Berangoko Otxantegi Herri Lurreko ekintzaileek jakinarazi dute hirugarren huste-saiakera maiatzaren 7an izango dela, hurrengo asteko martitzenean. Horregatik, 08:00etan, "gosari desobedientea" antolatu dute goiz-goizetik indarrak hartzeko. Beranduago, 09:00etan, elkarretaratzea egingo dute Otxantegiko lurren kanpoaldean. Argi adierazi dute "lurraren defentsan jo ta ke" jarraituko dutela.
Apirilaren 28an, domekan, 100 lagun inguruk "bizikletada" bat egin zuten Portugaletetik Leioako Artatza parkera subflubialaren proiektua bertan behera gelditzea eskatzeko. Hala, egitasmoa salatu eta Foru Aldundiari garraio publikoa eta bizikletaren aldeko apustua egin zezala aldarrikatu zuten, guztira 30 kilometroko ibilbidea bizikletaz osatuz. Iragarri dute hurrengo hitzordua ekainaren 15ean izango dela.