Adriana Bilbao flamenko koreografo eta dantzariak pieza berri bat estreinatuko du Muxikebarrik koproduzituta. Artista bilbotarraren talentuak bat egingo du Beñat Achiary musikari esperimentala eta Raul Corredor gitarra-jolearekin. ‘Maitasunak’ Joxean Artze, Itxaro Borda, García Lorca, San Juan de la Cruz, Teresa de Ávila edo Bernard Manciet poeta handien lanetan eta kultur tradizioan oinarritzen da. Maitasunaz eta eszenografia goxoz baliatuta dantzatutako testuak eta abestiak. Maitasun inozenteenetik pasionalenetara, obsesiboenetara eta espiritualenetara doan ibilbidea.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.