Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.
Tokiko toponimia ezagutzeko ibilbideak abiatuko dituzte bihar, martitzenean, Getxon. Urtero bezala, udalerriko auzoak eta txokoak, eta euren izenak hobe ezagutzeko egitasmoa Bizarra Lepoan elkarteagaz elkarlanean antolatu ditu Udalak. Horietan, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte. Azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke azalpenak.
Ekainaren 19an eta 20an, tresna digital berrietan trebatzeko oinarrizko eta doako tailerra egingo dute Gorlizko Sertutxena kultur etxean. Ikastaroak bi ordu iraungo ditu, zehazki, 16:45etik 18:45era izango da. Izena emateko hurrengo telefonora deitu beharko dute interesa duten lagunek: 946 774 348.