Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Eusko Legebiltzarra osatzeko norgehiagoka amaituko da domekan

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 18:37

Apirilaren 21ean hitzordu garrantzitsua izango dugu EAEko biztanleok: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehendakarigai guztien aurpegiak ikusi dira egunotan hauteskunde-propagandetan, auzoz auzoko hormetan zein etxez etxera bidalitako gutunetan. Aurtengo lehia inoizko estuena izan da, EAJren eta EH Bilduren arteko norgehiagoka bizia. Jeltzaleen hegemonia zalantzan dago oraingoan eta, adituen arabera, 40 urtean lehendabizikoz atera liteke ezker abertzalea garaile: martxoko soziometroak berdinketa iragarri zuen indar bien artean, 29 eserlekugaz bakoitzarentzat; apirilean, berriz, EITB Focusen inkestak garaipena eman zion koalizio abertzaleari.

EH Bildu izan zen lehena Uribe Kostan ekitaldi politikoa egiten, apirilaren 5ean bertan, kanpaina hasi eta egun berean, Algortan. Horretan, Pello Otxandiano lehendakarigaiak zerbitzu publikoen, eta bereziki Osakidetzaren, aldeko konpromisoa azpimarratu zuen, besteak beste.

Hurrengoa PP izan zen: apirilaren 8an, Areetan, Javier de Andres, Alberto Nuñez Feijooren laguntzagaz, Pradalesen kontra jo zuen, esanez bere diskurtso guztiak EAJren Gobernuaren kontrako "osoko zuzenketak" direla, eta benetako aldaketa euren proiektuak "soilik" ekar lezakeela.

Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, agerraldia egin zuen hurrengo egunean, apirilaren 9an, Leioan. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak eta Arkaitz Gorritxo Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko hautagaiak etxebizitza izan zuten hizpide. Gorrotxategiren esanetan, EAJko Gobernuak "ez du ezer ere egiten" eskualdeko gazte zein helduek etxebizitza bat erosteko eta alokatzeko duten arazoari irtenbidea emateko.

Jeltzaleen lehendakaria Imanol Pradales hilaren 13an izan zen Algortako Telletxe plazan, Iñigo Urkullu lehendakaria, EBBren buru den Andoni Ortuzar eta Bizkaiko hautagai Maitane Ipiñazar ondoan zituela. Beste kontu askoren artean, mitinean ohartarazi zuten "euskal hiritarren ongizatea dela jokoan dagoena" eta zalantzan daudenei bozkatzera deitu zieten.

PSE-EEko kanpainari dagokionez, Patricia Campelo Bizkaiko hautagai sozialistak eta Idoia Mendia lehendakariordeak mitina egin zuten apirilaren 21ean, Areetako Zubi plazan. Sozialistek beraien proiektua defendatu zuten, adierazi zuten politika publikoak eta ongizatearen bermea direla, eta proiektu bateratzaileak defendatu zituzten nazionalismoen arteko lehien aurrean.

Bozka jokoa amaitzear da; nork irabaziko ote ditu 2024ko hauteskundeok? Apirilaren 21ean jakingo dugu. Gogoratu, hauteskunde-mahaiak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun