Txekoslobako Gorka Rodríguez Gomila algortarraren reggaetoi musika proiektua da. 2Zio rap taldekide ohiak jai-girora abiatu da oraingoan, erritmo bizi eta dantzagarriak uztartzen dituen urban estiloaren eskutik. Kontzertu berezi honetan lagunez inguratuta egongo da eszenatoki gainean, eta getxoztarrak dantzan jarriko ditu etengabeko gerri mugimenduekin. Inor aspertuko ez duen ikuskizuna dugu, doinu latinak gustuko dituzten gazte zein helduentzako.
Euskal musikaren eszenak oso une aberatsa eta interesgarria bizi du. Oihana Rodriguez teklistaren proiektua da Akaleia. Talde ezberdinetan aritu ondoren, 2023ko amaieran kaleratu zuen bere lehen diskoa: ‘Ondoloin’. Konposizioek popa, rocka, metala eta dantzatzeko musika uztartzen dituzte. Olaia Inziarte, Izaro edo Liher bezalako artistekin bat eginez, euskal musikaren eszenako proposamen freskoenetarikoa dugu hau.