Elkarrizketak

L. Azkargorta eta A. Garagarza: “Klase-bereizketa deuseztatzeko eta garai berrien erronkei aurre egiteko hezkuntza politeknikoa proposatu zuen Krupskaiak”

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 30a, 19:17

Leire Azkargorta eta Aitor Garagarza, euskaratutako liburua eskuetan dutela.

Plentziako Aitor Garagarza Hezkuntza Zientzietan doktore eta EHUko irakasleak proposatuta, Nadezhda Krupskaia iraultzaile eta pedagogo errusiarraren (1869-1939) Herriaren hezkuntza eta demokrazia lana euskarara ekarri du Leire Azkargorta itzultzaile algortarrak. Azken honek aitortu duenez, ez da erronka makala izan 1915ean idatzitako liburu hori gurera ekartzea, baina pozik dago lortutako emaitzagaz. Maiatzaren 4an, zapatuan, aurkeztuko dute biek lana Itzubaltzeta/Romoko Casal liburu-dendan, 12:00etan; hala ere, horren aurretik, protagonista biokaz batu gara horren nondik norakoak beren-beregi ezagutzeko.

Nadezhda Krupskaiaren Herriaren hezkuntza eta demokrazia liburua euskaratu du Leirek, Aitorrek hala proposatuta. Hasteko, nondik dator mota honetako liburu bat euskaratzearen gogoa?

AITOR GARAGARZA: Unibertsitatean nengoela, Hezkuntzaren Historia ikasgaia ematea egokitu zitzaidan. Horretan, hainbat autore errepasatzen dira, tartean, Sobietar Batasuneko Makarengo. Hala ere, ikusi nuen bazeudela hutsune batzuk, hala nola emakumeen presentziaren aldetik. Halako batean, baina, lankide bati bere bulegoan horman eskegita zegoen poster baten inguruan galdetu nion, eta horretan ageri zen emakumea Nadezhda Krupskaia zela esan zidan, Sobietar Batasuneko liburutegi-sarea antolatu eta hango hezkuntza sisteman berebiziko garrantzia izan zuena, besteak beste. Hori jakinda, haren inguruan aztertzen hasi nintzen, eta ikusi nuen ez zegoela haren inguruko informaziorik ez euskaraz ez gazteleraz. Hala, euskarara ekarri dugu berak idatzitako liburua, gaztelerara baino lehen. Ekarpen bat egin nahi izan diogu irakaskuntza arloari, eta unibertsitateari.

LEIRE AZKARGORTA: Aitorrek proposamena egin zidanean gogotsu heldu nion erronkari. Nire lehen liburua itzultzeko aukera eman dit, gainera, errusieratik euskarara, oso konbinazio berezia niretzat, eta ohore handia izan da pentsamendu askatzailearen autore klasiko bat euskaratzea, asko gozatu dut prozesu horrekin.

Nor zen Krupskaia?

L. A.: XIX. mendean San Petersburgon jaiotako emakume pentsalari eta borrokalaria izan zen. Pobretutako familia noble batean jaio zen; gaztetatik egin zuen lan irakaskuntzan eta harreman eta konpromiso handia izan zuen gaztetatik ideia erradikal eta marxistekin. Horren ondorioz, Tsarraren erregimenaren errepresioa jasan behar izan zuen (klandestinitatea, erbestea...). Gero, 1917ko iraultzarekin, rol garrantzitsua izan zuen Sobietar Batasunaren lehen urteetan.

A. G.: Aurreko batean, batek esan zidan badagoela Trotskiren aipu bat non esaten duen Krupskaiarik gabe ez zela iraultzarik gauzatuko, berak antolatzen zuelako dena. Garaiko iraultzaile eta intelektual bat zen, izugarrizko gaitasunak zituena, eta horixe bera ikus daiteke liburuan.

"Bere helburu nagusietako bat izan zen jendartea prestatzea klaseen arteko bereizketa deuseztatzeko eta garai berriek ekarriko zituzten erronkei ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko"

Zelako ekarpenak egin zizkion emakume horrek Sobietar Batasuneko hezkuntza ereduari?

L. A.: Iraultza ondorengo hezkuntza-sistema berriaren pentsalari handienetako bat izan zen, eta herrialde osorako liburutegien sarea antolatzen ere lagundu zuen, langileen masek hezkuntza eta jakintzarako sarbidea izan zezaten.

Bere helburu nagusietako bat izan zen jendartea prestatzea klaseen arteko bereizketa deuseztatzeko eta garai berriek ekarriko zituzten erronkei ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko.

A. G.: Hezkuntza ereduari dagokionez, berak proposatu zuena zen hezkuntza politekniko bat, eta egin zuen proposamen zehatz bat hezkuntza sistema ikuspegi sozialista batetik antolatzeko eta pertsona askeak osatzeko. Egia da Sobietar Batasunaren baitan ikuspegi ezberdinak zeudela hezkuntzaren munduan, eta Krupskaiaren sistema ez zela bere osotasunean ezarri, baina garrantzia izan zuen bere praktikotasun puntua txertatzerakoan.

Duela mende bateko tesiak lantzen dira euskaratutako liburu horretan; zer leku izan dezakete horiek XXI. mende honetan?

L. A.: XX. mendearen hasiera oso garai interesgarria izan zen masentzako eskola sortzeari dagokionez, eta orduan eman ziren eztabaida askok gaur egun ezagutzen dugun eskola eratzen lagundu zuten. Ordura arte, aberatsen seme-alabek besterik ez zuten izaten eskolara joateko aukera (eta pribilegioa), langileen familietan ezinbestekoa izaten baitzen haurrek lan egitea eta etxera dirua eramatea, biziraun ahal izateko.

Bestalde, XX. mendearen hasiera horretako gizarteak aldaketa handiak bizi izan zituen: landa-eremuko biztanleak hirietara mugitzea, langileak ekoizpen-industrialean txertatzea, artisau-transmisioa galtzea eta langileek ekoizpen-prozesu osoaren zati txiki bat besterik ez ezagutzea... Testuinguru horretan, klase-zapalkuntza areagotzen ari zen eta burgesia botere handia metatzen hasi zen.

Egoera horren aurrean, Krupskaiak defendatu zuen langileak burujabe izan behar zirela, beren lanaren jabe, eta zenbat eta hezkuntza osoagoa jaso (bai fisikoa, bai intelektuala), orduan eta zailagoa izango zela, adibidez, langileak zapaltzea, edo teknologiak aurrera egitearen ondorioz langileak lanik gabe gelditzea, lan-merkatutik kanpo. Eskola politeknikoa proposatu zuen horretarako bide gisa.

Gaur egun, nolabait, antzeko egoera bizitzen ari gara. Teknologiaren aurrerapen basatiaren ondorioz, langile asko eta asko lan-merkatutik kanpo gelditzen ari dira, batez ere oso lanbide zehatzak egiten besterik ez badakite eta lanbide horiek makina batek ordezkatzen baditu (edo adimen artifizialak!). Zentzu horretan, zenbat eta hezkuntza osoagoa jaso, zenbat eta gaituago egon edozein lanbidetan jarduten jakiteko (bai fisikoak, bai intelektualak) orduan eta aukera handiagoa izango dute langileek lan egiteko eta ekoizpen-prozesuan duten rola hobeto kontrolatzeko.

A. G.: Liburuan ez du bakarrik hezkuntza politeknikoaz hitz egiten, hainbat autoreren teoriei errepasoa egiten du baita ere, eta hori oso garrantzitsua da. XVIII. mendeko egile klasikoak kokatzen ditu, ezinbestekoak izan zirenak gaur egungo hezkuntza sistemarako. Berak egiten du horien inguruko irakurketa bat, eta hori oso aberasgarria da irakaskuntzan eta horren inguruko ikuspegi kritiko bat izateko.

"Krupskaiak defendatu zuen langileak burujabe izan behar zirela, beren lanaren jabe, eta zenbat eta hezkuntza osoagoa jaso (bai fisikoa, bai intelektuala), orduan eta zailagoa izango zela, adibidez, langileak zapaltzea"

Hezkuntza-sistema modernoak, bereziki gureak, badu zer edana orduko hartatik?

L. A.: Bai, noski. Hezkuntza “demokratizatzearen” oinordekoa da gure hezkuntza-sistema ere, eta, oraindik gabezia handiak bizi dituen arren –adibidez, sistema publikoan murrizketak egiten direnean–, badu bokazioa herritarren masei nolabait jakintza helarazteko.

Kontua da, sistema kapitalistan bizitzen jarraitu bitartean, eskolak beti izango duela burgesiaren interesen araberako funtzioa: haren ideologia eta interesak mundu-ikuskera neutral gisa txertatzen dira eta langileak, azken finean, sistema kapitalistari jarraipena emateko pieza alienatu bihurtzen dira. Horregatik da hain garrantzitsua Krupskaiaren moduko ekarpenak gaur egungo testuingurura ekartzea, hain zuzen.

Zelakoa izan da garaiko errusiera euskaratzeko lana?

L. A.: Ez da erronka makala izan, kar kar. Hasteko, grafia berrian idatzitako edizioa aurkitu behar izan nuen, lehenengo edizioak alfabeto zaharrean idatzita argitaratu zituztelako. Eta grafia berrian irakurrita ere, Krupskaiaren garaiko termino batzuk ez dira gaur egun erabiltzen, edo beste esanahi batekin erabiltzen dira, eta abar. Zalantza asko izan ditut, beraz, eta eskerrak Errusiako lagun hizkuntzalari bat izan dudala ondoan uneoro zalantza guztiak argitzeko. Itzulpen-lanaren emaitza berari ere zor zaio.

Bestalde, liburuan erabiltzen diren kontzeptu batzuk oso espezifikoak dira, garai artako eztabaidetan puri-purian egon zirenak, eta horiek ulertzeko ahalegin linguistikoaz haratago joan behar izan dut, eta hezkuntza-korronte batzuen inguruan gehiago irakurri, zertaz ari den ulertzeko.

Tsarren garaian idatzitako liburua izanik, zentsura betean, horrek hizkuntzan eragina izan eta terminoak euskaratzeko oztopoak edo zailtasunak izan dituzu, ezta?

L. A.: Bai, batez ere kasu askotan “langile-klasea” terminoa ezabatu behar izan zuelako, eta horren ordez “demokrazia” edo “langile-demokrazia” erabili. Horrek izenburuan bertan eragin zuen! Berez ez zen “Herriaren hezkuntza eta demokrazia” deitu behar, “Herriaren hezkuntza eta langile-klasea” baizik. Aldaketa horrek liburuaren marketinean eragin zuzena izango zuen gaur egun ere, seguru.

Dena den, terminologia alde batera utzita, nahiko liburu esplizitua da, zentsura gorabehera. Hau da, irakurleek ez dute behar handirik izango lerro artean irakurtzeko.

"Hezkuntza-sistemaren ikuspegi kritikoa duen edonork irakurri beharko lukeen liburu bat da"

Zelan laburbilduko zenukete liburua, hitz gutxitan?

A. G.: Hezkuntza-sistemaren ikuspegi kritikoa duen edonork irakurri beharko lukeen liburu bat da. Bai autore klasikoak jorratzen dituelako, bai garai historiko oso garrantzitsu baten idatzita dagoelako, gerora izango duen eraginagatik.

L. A.: Krupskaia oso emakume jantzia izan zen, asko irakurria, eta aberastasun handia eman zion liburuari. Hainbat autoreren gogoetak eta esperientziak sartzen ditu, batez ere harentzat erreferente izan zirenak hezkuntza-sistema pentsatzeari dagokionez, eta oso ondo islatzen ditu hezkuntza demokratizatzearen inguruko proposamenak eta berak horien inguruan zuen iritzia.

Zentzu horretan, pentsamendu politikoaren eta hezkuntzaren arloko liburu klasikoa da; beraz, gizartea eraldatzeko bokazioa eta hezkuntza-sistemaren inguruko kezka duen edonork irakurtzeko modukoa da, zalantzarik gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun