Txakomic jaialdi gastrokulturalaren laugarren edizioa egingo dute, Mexiko eta Japonia herrialde gonbidatu dituztela

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 18:15
Aurtengoa Txakomic jaialdi gastrokulturalaren laugarren edizioa izango da. © BIZKAIKO TXAKOLINA

Bizkaiko txakolina, gastronomia eta komikia batzen dituen ekimena egingo dute aste-akabuan, apirilaren 20an eta 21ean, Leioako Mendibile Jauregian. Programatutako jarduerena artean egongo dira dastaketak, showcooking-a, kontzertu ilustratua eta umeentzako tailerrak. Proiektu honek Bizkaiko txakolinaren tradizioaren eta euskal komikiaren arteko lotura erakutsi gura die herritarrei.

Txakomic jaialdi gastrokulturalak bere laugarren edizioa izango du, Mexiko eta Japonia herrialde gonbidatu dituela, Bizkaiko txakolina, gastronomia eta komikia batzen dituen ekimenean. Leioako Mendibile Jauregia eta Bakioko Txakolinaren Museoa–Txakolingunea jende guztiarentzako hamaika jarduera paregaberen topagune bihurtuko dira datozen bi ate-akabuetan, apirilaren 20an eta 21ean Leioako Mendibile Jauregian, eta apirilaren 27an eta 28an Bakioko Txakolinaren Museoan-Txakolingunean.

Asiako eta Mexikoko gastronomiak, komikiak eta ilustrazioak, txakolinaz gain, bost jarduera paregabetan egingo dute bat, eta Mexikoko takoak, sushia eta gyozak eta txakolin sorta zabala dastatzeko aukera emango dute. Eta osagai gehiagogaz gainera, hala nola musika kontzertu ilustratua eta Kawaii maskaren, piñaten eta alebrijeen sorkuntza.

Japonia Mendibile Jauregian

Mendibile Jauregiko jarduerak apirilaren 20an, zapatuan, hasiko dira, 12:30ean, txakolina eta gyozak uztartuko dituen Asia eta Bizkaia arteko showcookingagaz, Jamonostruck-eko Jue eta Anderren eta Roberto Sarriugarte ardo-adituaren eskutik. Raquel Alzate ilustratzaileak, berriz, jardunaldia grafikoki islatuko du zuzenean.

Arratsaldean, 18:30ean, musika izango da protagonista Bizkaiko Txakolinaren kopa batez gozatzeko kontzertu marraztuan, Bill Wokersen erritmoan, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako rock, blues eta reggae bertsioakaz. Nico Demarchik, Leo Cabrerak eta Gonzalo Criadok jarriko dute erritmoa Mendibile Jauregiko terrazan, eta Jose Luis Agreda ilustratzaileak zuzeneko artelan bat sortuko du. Aldi berean, umeek binetak marraztuko dituzte euren komikia sortzeko, Amaia Ballesteros ilustratzaileagaz batera.

Hurrengo egunean, apirilaren 21ean, 12:30ean, txakolinaren eta sushiaren arteko uztartze paregabea aukeratu ahal izango da. Alber García marrazkilariak oso showcooking berezia ilustratuko du Sushi Artist-en eskutik japoniar sukaldaritzaren sekretu gozoak erakutsiz eta Bizkaiko txakolinakaz uztartuz Silvia Landeira sommelierragaz batera. Bitartean, txikienek umeentzako Kawaii maskara tailerraz gozatu ahal izango dute, Japoniako kulturaren pieza paregabea, Lucía Bonilla margolariak dinamizatuta. 

Mexiko Txakolinaren Museoan-Txakolingunean

Txakolinaren Museoa-Txakolingunea izango da mexikar zaporeko jarduerak hartuko dituen lekua. Bertan, Txakolinaren Museoaren-Txakolingunearen 10. urteurrena dela eta, apirilaren 27an, zapatua, 12:00etan, Alex Orbe ilustratzaileak hainbat botila marraztuko ditu zuzenean, eta bertaratutakoek uztartze-dastaketa izango dute. Bertan, Elena Urigüen sommelierrak Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren elaborazio estilo eta etiketak errepasatuko ditu. Aldi berean, umeek Mexiko birsortzeko aukera izango dute Maria Altuna ilustratzaileagaz Museoko beirateetan, eta leihate handi horretan euren arrastoa utziko diote munduari.

Apirilaren 28an, domeka, 12:00etan, Janire Orduna marrazkilariak showcooking berezi bat ilustratuko du. Bertan, Mexikora bidaiatuko da, Txokomex sukaldaritzaren eskutik. Jose Mari Agirre sommelierrak, berriz, Mexikoko gastronomia Bizkaiko Txakolinagaz uztartuko du eta bertaratzen direnek takoak eta beste hainbeste txakolin dastatuko dituzte. Bestalde, ordu berean, txikienek piñata eta alebrije tailerraz gozatuko dute, euren alberijea sortuz. Izaki fantastiko mexikar horrek zenbait animaliaren, benetakoen zein irudimenezkoen, elementu fisionomikoak konbinatzen ditu eta kolore biziz margotuta egoten dira. Sormenez betetako jarduera hori Kike Infame ilustratzaileak dinamizatuko du.

Txakomic-i buruz

Proiektua 2021ean sortu zen, Bizkaiko txakolinaren tradizioaren eta euskal komikiaren arteko lotura prozesuaren ondorioz, herritarrei batura berriak erakusteko asmoz, kasu honetan, tokiko ardo bereizgarrienaren eta marrazkiaren artean.

Txakomic-en laugarren edizioa, aurten ere, Txakolin Museoaren-Txakolingunearen, Mendibile Jauregia Elkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Elkartearen lankidetzari esker egingo da.

Txakomic-i, jardueren prezioari (batzuk doakoak dira) eta erreserbei buruzko informazio guztia www.bizkaikotxakolina.eus/txakomic webgunean jaso daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun