Galeatik Begoñako galerietara, Getxoko gako historikoak ezagutzeko aukera bikaina

Erredakzioa 2024ko api. 30a, 18:03

Ibilbideak Galeako gotorlekutik abiatuko dira.

Punta Begoña Fundazioak “Getxo, puntatik puntara” izeneko paisaia-ibilbideen programa jarriko du abian, udalerriko historia modu atsegin eta praktikoan, naturagaz harremanetan eta edertasun eta berezitasun handiko paisaien bidez ezagutarazteko ekimena. Jarduera hileko lehenengo domeka guztietan egingo dute, maiatzaren 5etik aurrera.

Hilero, ibilbidea Galeako gotorlekuan hasiko da, 10:30ean, eta 4,5 kilometroko luzera izango du, Galea eta Begoñako galerien artean. Bertan, gaur egunera arte ekarri gaituzten gertaera historikoak eta Getxok Bizkaiaren eta Euskadiren garapen sozialean izan duen garrantzi nabarmena ezagutaraziko dira. Eguraldi txarra izanez gero, aldez aurretik jakinarazita, ibilbidea Begoñako galerietara mugatuko da, eta bertan, mugarri historikoak azalduko dira.

Ibilbideak euskaraz edo gaztelaniaz izango dira, egutegiaren arabera, eta prezioa 3 eurokoa izango da pertsonako. Izen-emateak hemen egin daitezke.

Ibilbidea

Pasealekuan eta geralekuetan zehar, duela milioika urte garatu zen flyscharen eraketa-prozesura hurbilduko dira parte-hartzaileak, baita gure planetaren eraldaketa geologikoen eta giza eraldaketen zergatira eta gure lurralderik hurbilenean izan zuten eraginera ere.

Duela ia 5.000 urte Getxon aire zabalean egin ziren lehen kokaguneek Begoñako kokapenaren garrantzia islatuko dute, itsasadarraren Abra menderatuz, eta bertan sortu ziren eta gaur egunera arte iritsi diren jokabide eta jarduera sozial, ekonomiko eta hiritar berriak azalduko dituzte, egungo errealitatea neurri handi batean azalduz.

XII. mendeko landa eremuko Getxo ere ezagutaraziko da, Santa Maria monasterioan ardatza duena, baita Algortako arrantza-gunea ere. Ibilbidean zehar ezinbesteko geldiuneak egingo dira, istorio eta pasadizo atsegin eta dibulgatzaileak tartekatuz: XVII. mendetik aurrerako Abrako defentsa-sistemak, XIX. mendearen erdialdetik aurrerako suspertze ekonomikoaren fasea, itsasadarraren eraldaketa, kanpoko portuaren eraikuntza eta egungo Getxoren sorrera eta garapena.

Galerietara iritsita, egindako ibilbidean “atzera begiratu” ahal izango dute talaiatik, eta bertatik ikusiko dute nola agertzen diren era batera edo bestera mugarri historiko horiek guztiak (flyscha, kokaleku neolitikoa, defentsa militarra, abiatze ekonomikoa, gerrak, negozioak eta aberastasunak, azpijokoak, krisia…) Begoñako paisaia kulturalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun