Amaia Nerekanek Hamaika Bilboko zuzendari izateari utziko dio

Amaia Nerekan Umaran algortarrak Hamaika Bilbo Telebistako zuzendari ardurari utziko dio "aurki". "Berria" egunkariak pasa den igandean zabaldu zuenez, kazetariak EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakasle lanak berrartuko ditu eta laster utziko du telebistako ardura. Dena den Nerekanek proiektuarekin lotuta jarraitzeko asmoa du. Algortarrak hainbat hilabete egin ditu Bilboko katearen zuzendaritzan eta, besteak beste, bere ardurapean lehenengo urteurrena bete zuen pasa den otsailaren 10ean Hamaika Bilbo Telebistak. Era berean, bere zuzendaritzapean jauzi kualitatiboa eman zuen kateak, Euskalteleko Bizkaiko bezero guztiek ikusteko aukera eskuratu zutela, 160.000 bat etxetan. Azkenik, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin filmak ematen dituen "Kuletxov efektua" saioa indartzeko ekimena berriki iragarri du Hamaikak, "The last man on Earth", "Night of the living dead" edo "Panic in the streets" bezalako film ezagunak emitituko dituztela. Argazkian, Amaia Nerekan Umaran zuzendari algortarra / © Asier Mentxaka.

Hamaika Bilboko zuzendaria izan baino lehen, Amaia Nerekan Umaran Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua eta telebistan lan egindakoa zen, ekoiztetxe ezberdinetan, hainbat katerentzako saioak egin zituela. Azken urteotan, EHUn ere ibilia da irakasle lanetan, laster berriz bueltatuko den Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Ikus-entzunezko Sailean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun