Lemoizko mugikortasun eta aparkaleku aukerak aztertuko dituzte Armintzan, bariku honetan

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 22a, 09:53

Datorren barikuan, apirilaren 26an, Lemoizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) buruzko parte-hartze prozesuaren bigarren saioa egingo dute Armintzako kultur etxean. Bertan, udalerriko epe ertain eta luzerako mugikortasun eta aparkaleku aukerak aztertuko dituzte.

Biribilgunearen ondoko aparkalekua eraikitzearen ondorioz Armintzan aparkatzeko sortutako arazoak arintzeko proposamenen inguruko informazio-saioak harrera ona izan zuen. Horregatik, udalerriko eragileei herritarrek egindako proposamenak biltzeko bigarren faseari ekin zitzaion. Bigarren saio hori 18:00etan hasiko da, eta honako gai hauek jorratuko dira:

  • GEA 21- Grupo de Estudios y Alternativas enpresak gaur egun dauden mugikortasun globaleko ereduei buruzko hitzaldia eskainiko du, jasangarritasunaren ikuspegitik dauden aukerei buruzko irtenbideak eta datuak eskainiz, bai garraio pribatuaren arloan, bai garraio publikoaren edo motorrik gabeko mugikortasunaren arloan (oinezkoak edo bizikleta).
  • Hasierako azterketa horren ondoren, Lemoizko errealitateari helduko zaio, eta udalerrirako mugikortasun-eredurik onena zein izan daitekeen hausnartuko dute, betiere kostu-, jasangarritasun- eta efizientzia-irizpideak kontuan hartuta zer neurri ezar daitezkeen ere.
  • Mugikortasun-ereduaz gain, epe ertain eta luzerako aparkalekuaren gaia jorratuko dute, herrian ezartzeko aukera egoki eta errealistak proposatzeko.
  • Azkenik, lehen saioan azaldu ziren epe laburreko jardueren egoera errepasatuko dugu, eta proposamen horien eta prozesu parte-hartzaile osoan jasotakoen.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun