Udalerriko lokaletan kontzertuak bultzatzeko Getxolive deialdia ireki du Getxoko Kultur Etxeak

Erredakzioa 2024ko api. 22a, 12:24

Udalerriko ostalaritza- eta merkataritza-lokaletan musika-emanaldiak sustatu eta diruz laguntzeko deialdia zabaldu du Getxoko Kultur Etxeak. Ekimen horren bitartez askotariko kontzertuak bultzatu gura ditu Udalak udalerrian, "baita ostalaritza eta merkataritza sektoreei lagundu ere". Guztira, 18.200 euro erabiliko dituzte deialdirako, eta eskabideak jasotzeko epea apirilaren 23tik azaroaren 15era arte egongo da zabalik.

Aipatutako lokaletan bakarlarien edo musika-taldeen kontzertuak egiteko zuzenduta dago deialdia, DJen emanaldi koralak edo zuzeneko musikarik ez duten ikuskizunak izan ezik. Kontzertu bakoitzeko 275 euroko diru-laguntza emango da, eta, gehienez, lokal berean bost kontzertu egin ahal izango dira. Halaber, zenbateko hori handitu ahal izango da, baldin eta emanaldiek hizkuntza, musika-genero eta -estilori lotutako baldintza jakin batzuk betetzen badituzte, besteak beste, "edota taldeetan emakumezko kideak badaude", iturriek zehaztu dutenez.

Deialdiari buruzko informazio osoa udal-webgunean kontsulta daiteke eta, ohi bezala, eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira Getxoko Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bidez. Apirilaren 30era arte aurkeztutako eskabideak maiatzaren 29a baino lehen ebatziko dira, eta ekainaren 30era arte bidalitakoak, aldiz, uztailaren 31 aurretik. Azkenik, uztailaren 1etik deialdiaren epea amaitu arte aurkeztutakoak abenduaren 10a baino lehen ebatziko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun